
Ivan Jimenezek, bizkaia:talent-eko zuzendariak, Talenturako eta Enplegurako Topaketan parte hartu du
2015/06/19
Ivan Jimenezek, bizkaia:talent-eko zuzendariak, aditu moduan parte hartu du ESIC Business & Marketing Schoolek eta Bilboko Merkataritza Ganberak ekainaren 8an Bilboko Itsasadarra Itsas Museoko Auditorioan antolatutako “Talenturako eta Enplegurako Topaketan”. Topaketa horretara, gaur egungo merkatuan zer aukera dituzten eta nolako profil eta trebetasun profesionalak eskatzen diren jakin nahi duten 140 lagun baino gehiago bertaratu dira.
Susperraldi ekonomikoa eta enpresen aldaketa-premia enplegurako aukerak dira. Erakundeek prestatutako eta, batez ere, motibatutako pertsonak bilatzen dituzte lidergo horretarako. Hau da, talentudunen bila dabiltza.
Hori dela eta, azken urteotan gizarte eta lan arloko egoera nolakoa izan den kontuan hartuta, «talentua ondasun urria da oraindik», Santiago Lópezek, Merkataritza Ganberako Unibertsitate Eskolako zuzendariak, adierazi duen bezala.
Aukerak iritsiko dira
Ivan Jimenezek lan-merkatuaren ‘argazkia’ eta goi-prestakuntzadunentzat onak diren aurreikuspenak aurkeztu ditu. Azaldutako datuen arabera, 2020. urtean mila lanpostutatik 400 baino gehiago beteko dituzte unibertsitateko ikasketak dauzkaten profesionalek. «Aukera ugariko epealdia izango da goi-prestakuntza dutenentzat», azpimarratu du. Jende gutxiagok alde egingo dote du? Gehiago etorriko ote dira? «Talentua adimenduna da, eta aukerak dauden lekuetara joaten da», bermatu du. Era berean, bere esanetan, belaunaldi-txandaketaren falta arazoa izango da enplegua sortzen hasten denean, «talentua inportatu behar izango dugulako». Irteerei dagokienez, «lehen baino jende gutxiagok alde egiten du, baina joaten direnak urrunago joaten dira», aitortu du.
Dena dela, nola eta non aurkitzen dira talentu hori eta enpresak? Francisco Javier González Galánek, Adimen Sozialeko aditu, Life Coach eta ESIC Business & Marketing Schooleko aholkulariak, merkatuan identifikatzeko zenbait eredu eskaini ditu, eta, horretarako, eskari handieneko jendeak zer egiten duen azaldu du.
Kontu emozionala
González Galánek gomendatu bezala, giza harremanak sustatu eta jarrera positiboaren bitartez sortutako «bankuko kontu emozionala» eduki beharra dago, laneko elkarrizketetan edo lan-harremanetan aldeko «saldoa» eduki ahal izateko. «Enplegurako helburuak zehaztu behar dira, nahiz eta hori oso jende gutxik egiten duen», adierazi du. Helburu horiek, gainera, agerian jartzeko modukoak izan beharko dira: «helburuak zementuan idatzi behar dira; eta estrategiak, harean».
Hona hemen jendaurrean aipatu dituen beste tresna batzuk: indarrak hobetzea izan behar da helburua eta ez ahuleziak zuzentzea; bereizkuntza bilatu beharra dago; halakorik ez dagoen lekuan bilatu behar dira aukerak; arlo zehatz bateko aditua izan beharra dago; edo enpresaren arazoak konpontzeko gai izan beharra dago. Bestetik, honako gomendio hauek ere eskaini ditu Francisco Javier González Galánek: «ziurgabetasuna pizgarri bihurtzea», enpresan bertan «ate nagusitik sartzen» ahalegintzea eta, une onenean, enplegu berria bilatzea.
Impronta Giza Baliabideen Aholkularitza Enpresako David Martínez bazkide eta zuzendari nagusiaren esanetan, gogo bizia, jarrera, irizpidea eta irmotasuna dira zoriontasun profesionalaren sekretuak. «Gauzak ondo egiteko eta laneko elkarrizketetan igortzeko gogo bizia eduki behar da», azaldu du. Pertsonen hautaketan, gaur egun garrantzitsuena ez da titulua edo hizkuntzen ezagutza, esan gabe doalako profesionalek hori eduki badutela. «Jarrera, gogo bizia, balioak», azterketa-gaitasuna, malgutasuna eta aniztasun-ahalmena dituzten profesionalen bila dabiltza enpresak. «Bost zentzumenez maitemindu beharra dago», adierazi du.
Lana bilatzeko orduan, lasai jokatu, hausnartu eta lanaz gozatzeko moduko eskaintza hautatu beharra dagoela azaldu du David Martínezek. «Horrela, bete-betean asmatuko duzue», iragarri du.
Ilusioa eta bizigarri berria
Eroskik eta Saunier Duvalek enpresek bilatzen dutenaren adibide praktikoa jarri dute. Euskal kooperatibako Ainara Llona hautaketa-arduradunak ziurtatu duenez, «gurekin lan egiteko ilusioa dutenen talentua ez galtzea» da euren helburua. Horretarako, enpresan bertan igotzeko ‘talentu-bekak’ dituzte. Halaber, «tokiko ekonomietan balioa sortu nahi dutenez», ‘ninientzako’ (ikasi eta lan egiten ez dutenentzako) lanpostuak atondu dituzte.
Saunier Duval Españako Gorka Baraño zuzendariak gogoratu duenez, teknologiaren, merkatu aldagarrien eta Millennialen lan-modu berrien ondorioz enpresetan gertatutako aldaketak kontuan hartuta, egitura zaharrak eguneratu behar dira. «Langileei sorrera-esparrua eskaintzen dien eredua sortzeko gai izan behar gara», aitortu du. Hori dela eta, hautaketa-prozesuetan, «talentua identifikatzen eta aukerak ematen» ahalegintzen dira, aldaketako liderrak izan daitezen. «Harremanetarako, ekintzailetzarako eta grinarako ahalmena daukaten» pertsonen bila dabiltza, gaur egungo egitura hierarkizatua sarean eta proiektu berritzaileagoetan lan egiten duen erakunde bihurtzen lagundu diezaieten.